Festak
SANTA AGEDA
Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, herritarrak kalez kale ibiltzen dira koplak abesten makilez lurra kolpatzen duten bitartean.
Otsailaren 5ean, adin-nagusitasunera iritsi diren herritarrek, kintoek alegia, diru-bilketa egiten dute goizean txistulariek lagunduta. Arratsaldean, bazkalostean, zortzikoak dantzatzen dituzte plazan. Egun horretan dantzatzen dute eta hurrengo egunetan ere, kinto guztiek egin arte.
INAUTERIA
Egunik garrantzitsuena astearte inautea da. Nafarroan ospatzen den inauteri berezienetako bat da, landa girokoa. Hainbat pertsonaia agertzen dira bertan: momotxorroak, akerra, maskaritak, sorginak… Guztien artean segizio ikusgarria osatzen dute, herritarren parte-hartze handiarekin.
MAIATZEKO GURUTZE SANTUAREN EGUNA
Maiatzeko lehen igandean bertako zein kanpoko artisauen azoka egiten da, antzinako lanbideen erakusgarri.
Maiatzaren 3an hasten da ezkilen errepika, eta egunero egiten da, eguerdiko 12:00etan, irailaren 14ra arte.
SAN JOAN
Ekainaren 23ko arratsalde-gauean San Joan suak pizten dira, eta udako solstizioari lotutako erritualak egiten dira.
Oso errotuta dagoen usadio bat abardiak dira. Ohitura da gauean lizar-adarrak moztu, eta maiteen balkoietan jartzea, maitasunaren erakusgarri. Gutxi maite zaienei, berriz, makal adarrak jartzen zaizkie.
24ko goizean etxeetako sarretan iratzeak jartzen dira, babesgarri.
SAN PEDROKO ERROMERIA
Ekainaren 29a jai garrantzitsua da gure herrian. Erromeria ermitaren inguruan egiten da, harizti batean. Herriko jendean bertan bazkaltzen du eta zortzikoa dantzatzen da.
HERRIKO FESTAK
Gurutze Santuaren egunaren bueltan herriko festak ospatzen dira. Hain zuzen ere egun horretan, irailaren 14an, eguerdiko 12:00etan, maiatzaren 3an hasitako errepika egiten da azkeneko aldiz.
UDAZKENEKO AZOKA
Urriko bigarren hamabostaldiko lehen igandean ganadu azoka, abere lehiaketa mikologia arte erakusketa eta arropa eta elikagaien salmenta postuak egoten dira.
Giro bikaina egoten da, besteak beste peñak kalera ateratzen direlako.
ERKUDENGO ERROMERIA
Urtero, uztailaren 2an, amabirjinaren irudia parrokiara eramaten da, eta bederatziurrena eskaintzen zaio. Hura bukatu eta hurrengo igandean irudia ermitara itzultzen da eta meza egiten da bertan. Udalak ardoa banatzen du goiz horretan.
San Pedrokoa bezain erromeria jendetsua ez bada ere, jende asko joaten da bertara koadrilarekin edo familiarekin.
BARGAGAINERA IGOTZEA
Uztailaren 12an Bargagainera —Tontorraundi izenez ere ezaguna— igotzeko ohitura dute mendizaleek.
Bazkari herrikoia egiten da, eta urdaiazpiko-hanka bat zozkatzen da.