Monumentuak
SAN PEDROKO ERMITA
Altsasu eta Urdiain herrien arteko mugan dago, San Pedroko zelaia izena duen paraje ederrean, ehun urtetik gorako haritzez inguratuta.
Kondairak dio hemen koroatu zutela 717. urtean Nafarroako lehen erregea: Gartzia Ximenez. Ermitaren ateburuko inskripzio batek horren testigantza ematen du.
Ekainaren 29a San Pedroko erromeria eguna da, altsasuarren egutegian gorriz markatutako eguna.
ERKUDENGO AMABIRJINAREN ERMITA
Erkudengo amabirjinaren ermita hirigunetik kanpo dago, Etzegaraterako errepide zaharrean.
Erkudengo Amari eguraldiaz erabakitzeko ahalmena egozten zaio. Horiek horrela, esku batean eguzkia eta beste eskuan euria dituela kantatzen zaio.
Amabirjinaren jatorrizko irudia desagertu zen, eta Venancio Amillano bertako artistak zizelkatu zuen ordezkoa.
SAN JOAN BATAIATZAILEAREN ERMITA
Altzania ibaiaren gaineko goragune batean dago.
Bertan Errenazimendu garaiko erretaula dago, San Joan bataiatzailearen irudia gordetzen duena.
Ekainaren 23ko arratsaldean eta 24ko goizean joaten dira altsasuarrak baselizara santuaren eguna ospatzera.
OTADIAKO SANTO KRISTOAREN ERMITA
Herriko kanposantuari erantsita dago, eta bi garai desberdinetan eraiki zuten: lehendabizi, aldare ingurua eraiki zuten; ondoren, erdiko habeartea handitu zuten, gero eta herritar gehiago hurbiltzen baitzen baselizara.
Otadiako Santo Kristoaren taila XVI. mendekoa da, Errenazimendu garaikoa. Mirari asko egozten zaizkio.
Altsasuko gurutzeko festak maiatzaren 3an eta irailaren 14an ospatzen dira.
ALTSASUKO INTXAURRONDOARI MONUMENTUA
Foruen Plazan dago. Joxe Ulibarrena eskultoreak egin zuen plazan zegoen intxaurrondo zaharraren zura erabiliz. Hiribilduaren tradizio historikoaren zati handi bat irudikatzen du, eta Sustrai altsasuarrak izenaz ezagutzen da. Monumentuan Altsasu irudikatzen duten 28 irudi eta sinbolo agertzen dira, hala nola: Gartzia Ximenez erregea, Mainamikirri sorgina, inauteriko momotxorroa…
TREN-MAKINA ELEKTRIKOA
Altsasuko Baratzeko Bidea plazan dago. Espainiako trenbide sarean ibili zen lehen tren-makina japoniarretako bat da, Mitsubishi markakoa da, laurogei tonako pisua eta hamasei metroko luzera dituena. 1967an eraiki zen eta museoko pieza da gaur egun. Tren-makina Altsasuk garai batean zuen tren-jardueraren oroigarria da.
DORRE TXIKIA
Eguberako gainean, 710 metroko altueran, Dorre Txikiaren hondakinak daude, baina oinarrizko hormen aztarnak ikus daitezke oraindik. Dorreak lubakia zeukan inguruan.
BASALUZE DORREA
Dorrea Madril eta Irun lotzen zituen Gaztelako telegrafia optikoko linearen parte bat zen. 1844 eta 1846 urte bitartean eraiki zuten. Jarduera bukatu zenetik hona ez da ezertarako erabili izan. 2019an erabat zaharberritu zuen Nafarroako Gobernuak.